XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), eta laister esnatuko da, laino mantak alde batera bota ondoren.

Ekidazu ilunaren ezerezean egon da orain arte; baina astiro astiro, egunsentiaren argitasun motelez, hasi da agertzen.

Gezalatik Botxoara doan trena pasatzen da Ekidazutik.

Gelditokia herri-herrian dago, ta oso polita da; txalet bat dirudi.

Lehenago (Don Jose zaharraren antzera hitz egiten hasi ote naiz, bada?), Botxoan lan egiten zutenak, esne ta ortuariekin joaten zirenak, honetan edo horretan Botxoara joaten zirenak, trenez joaten ziren.

Baina orain, kamioiak eta kotxeak ugaritu direnez gero, jende gutxi joaten da trenez.

Dena dela, ba dabil oraindino trena.

Simon du izena Ekidazuko estazioko jefeak.

Simon Barandiko da izan, baina deitura berri bi ezarri dizkio herriak: Simon Berritsu ta Simon Gezur.

Ederki ezarrita benetan.

Izatez kanpotarra da (ez naiz gogoratzen orain nongoa den); baina urte asko daramatzi Ekidazun.

Berrogei ta bost urte aldera izango ditu berak.

Gizon txikia da eta bizkorra, baina txoriburu samarra.

Sagu bat lakoxea da bere sudur luzenga ta bibotearekin.

Ezkondua da Simon.

Demetria du izena bere emazteak.

Botxoatarra da hau; txikia eta potolatxoa, eta koipetsuegia.

Gelditokian bertan bizi dira Simon ta Demetria hamabost urte hauetan.

Familiarik ez dute izan; baina neskato bat dute, irikoa.